2015/05/08

DURANGOKO ALDE ZAHARRA - DAZ ELKARTEAREN INKESTA



Honako txosten hau Durangoko Alde Zaharra-DAZ elkarteak martxoan eta apirilean egindako INKESTAren emaitza da. 
2003an elkartea sortu genuenetik, gure helburua beti izan da auzotarren iritzi zein kezken berri izatea, horiek Administrazioari jakinaraztea, eta Alde Zaharraren alde lan egitea, auzotarren bizi-kalitatea hobetze aldera.

Urte hauetan guztietan, bizilagunen iritziak, proposamenak eta protestak azaleratu ditugu. Eta, paradoxa badirudi ere, ahalegin handia egin dugu tokiko administrazioak bizikidetza arautzeko sortu dituen ordenantzak Udalak berak zaindu eta betearazi ditzan. Bestela, zertarako balio du itzelezko ordenantzak egitea, gero betearaziko ez badira? 
Guztion artean, aurrerapauso handiak egin ditugu: egoiliarrek ibilgailuekin Alde Zaharrean sartzeko aukera izatea, edukiontzi osagarriak, zorua granailatzea, zarata-mapa idaztea… Baina, oraindik, lan handia dago egiteko.



Hori dela-eta, DAZeko kideok erabaki dugu auzotarrei eta merkatari zein ostalariei inkesta bat egitea. Hala, euren iritzia jasotzeaz gain, gure norabidea eguneratu eta ezarriko dugu, eta Udalari eta alderdi politikoei jakinarazi ez ezik, beraiekin batera lan egingo dugu.

Inkesta abiaraztea proba pilotua izan da guretzat. Izan ere, Alde Zaharrean lehenengoz egin dugu halako proiektu handi bat. Eta, aipatzekoa da, 500 inkesta inguru banatu eta 127 erantzun jasotzea arrakasta gisa hartzen dugula elkarteko kideok. Hala ere, jakitun gara parte-hartze datuak hobetu daitezkeela; bai kopuruaren aldetik, bai parte-hartzaileen adinaren aldetik.

Inkestan 44 galdera proposatu genituen, 7 ataletan banatuta. Horietako bakoitzean zuriune bat utzi genuen, auzotarrek nahi zutena idatz zezaten. Atal libre horretan, hainbat ekarpen eta iradokizun jaso ditugu; baina, batez ere, auzotarren sumindura islatu da. Sumindura, herritar gisa dituzten eskubideak urratu direla uste dutelako; eta, funtsean, kexa denek dute oinarri bera: udal-ordenantzak ez betetzea.

Ekarpen, iradokizun eta kexa den-denak aztertu eta baloratuko ditugu, eta oinarri hartuko ditugu gure lan-ildoak finkatzeko eta administrazioari beharrezko eskaerak egiteko. Gainera, informazio hori guztia zehatz-mehatz azalduko diegu hala Udalari, nola alderdi politikoei. 


Orain, lanaren abiapuntuan, Txosten teknikoa aurkeztuko dizuegu.
Elkarteak ez du parte hartu atal horretan. Azken batean, inkestaren argazkia baita; hau da, datu estatistikoak eta teknikoak. Horiek hartuko ditugu abiapuntutzat auzotarrek, elkarteak, Udalak nahiz alderdi politikoek horien alde lan egin dezagun.
Honenbestez, eskerrik asko inkesta bete duzuen guztioi. Ziur egon, mugak muga, elkarteak modu eraikitzailean lan egiten jarraituko duela, bizi-kalitate hobearen alde, Alde Zahar hobearen alde, eta guztiontzako Durango hobe baten alde.

No hay comentarios: